Osasun-larrialdiaren amaierako dekretua

Osasun-larrialdiari amaiera emon bajako be, pandemia ez da amaitu eta, horregaitik, ondorengo jarraibideak kontuan hartuko dira Bilboko Eleizbarrutian gauzatu daitezan jarduera guztietan:

1.- Kultu-etxeetan, indarrean izango dira ondorengo arauok:

  • Ospatu daitezan eleizkizun guztietan (mezak, hiletak, ezkontzak, bateoak, jaunartzeak, sendotzak), eleizan guztira sartu daiteken jente-kopuruaren %100a errespetatuko da. 
  • Eleizaren barrualdean maskara jarrita eroan behar da beti, hitz egiten danean edo jaunartzean izan ezik.
  • Eskuak gel hidroalkoholikoaz desinfektatu eleizara sartzean.
  • Eskuak garbitu eleiztarren artean komuninoa banatu aurretik eta ostetik.
  • Lekuak aireztatu

Honeek dira ospakizunetan indarrean jarraitzen daben arauak:

 Eukaristian

  • Bataiarriak hutsik egongo dira.
  • Eukaristia otoitza egiten dan bitartean, kaliza, patena eta kopoiak “paliaz” estalita eukiko dira..
  • Bakearen agurraren ordez, zeinuren bat egin kontaktu fisikoa saihestuz.
  • Abade ospatzaileak eta gainerako ministroek eskuak desinfektatuko dabez komuninoa banatu aurretik eta ostetik.
  • Kantuez baliatzea normalizatu egiten da.

 

Sakramentuen ospakizuna dala-eta:

 

  • a) Adiskidetzearen sakramentua eta eleiztarrei entzuteko uneak: eleiztarrak zein autorleak maskara eroango dabe.
  • b) Bateoa: Bateo-ura botatean ez hartu gero erabilitako ura jausiko dan ontzitik. Orioaz igurzteko kotoia edo kotoi-zotza behin bakarrik erabili eta ospakizunaren amaieran erre. Kotoi ezo kotoi-zotza erabili ezin bada, zeinua egiten dauan pertsonak eskuak garbitu egin behar ditu.
  • c) Sendotza: Orioaz igurztean, kotoi zati bat edo kotoi-zotz bat erabili sendotza hartuko dauan lagun bakotxarentzat, bateoaren kasuan azaldu dan lez.
  • d) Ezkontza: Ezkontideek eurek bakarrik erabiliko dabez eskuartean eraztunak, ezkontza-horniak, e.a. Zuhurtziaz jokatu ezkontide eta lekukoek sinatzen dabenean eta dagokiezan agiriak emoten jakezanean.
  • e) Gaixoen oriadura: Orioaz igurztean, kotoi zati bat edo kotoi-zotza erabiliko da edo zeinua egiten dauanak aurretik eskuak garbituko ditu.
  • f) Hiletak: Domekako Eukaristiarako erizpideak jarraituko dira hileta-eleizkizunetan.

2.- Pastoral jarduerak

Ondorengo arauak kontuan hartuko dira batzarretarako eta jentea alkartzea dakarren jardueretarako:

  1. Maskara erabili eta eskuak garbitu batzar eta jarduera guztietan, eta guztien erabilerarako lekuetan eta bulegoetan, lagun bat baino gehiago egon ezkero.
  2. Lekuak garbitu, aireztatu eta desinfektatu: neurri honeek muturreraino eroango dira bulego eta batzar-aretoetan, eskuz eskuz erabilten diran gauzak bereziki desinfektatuz.
  3. Aretoetan, guztira sartu daiteken jente-kopuruaren %100a sartu daiteke jarduera guztietan (heziketa, batzarrak, e.a.).
  4. Batzarren iraupena: Jentea areto jakin batean batzen danean, batzarrek ez daiela 90 minutu baino gehiago iraun.
  5. Parrokietako batzarren arduradunak: batzarra deitzen daben pertsonek gela gorde behar dabe, osasun-neurrien betetea bermatu eta erabilera bakotxaren ostean gelaren aireztatzea ziurtatu.
  6. Parrokiakoak ez diran taldeen batzarrak parrokiaren lokaletan: kasu honetan, batzarra deitzen daben pertsonek bermatuko dabe osasun- eta segurtasun-neurri guztien betetea, aretoetan sartu daiteken jente-kopurua errespetatuz.

3.- Kultura jarduerak

1.- Bisita turistikoak kultu-etxeetan

Kultu-etxeetan beren-beregi bete behar diran osasun-, garbitasun-, aireztatze-neurriez eta maskara erabilteaz gainera, bisita turistiko edo kulturalak egin daitekezan eleiza, ermita, santutegi eta eremu erlijiosoetan, arduradunek zehaztuko dabe, kasuz kasu, zein dan sartu leiken jente-kopuru egokia.

2.- Bisita gidatuak kultura eremuetan (Museoa, Artxiboa, Liburutegiak)

Maskara jarrita izatea eta gela bakotxean sartu daiteken jente-kopurua ez gainditzea bermatuko da.

3.- Kultura ekitaldi eta jarduerak

Egin daitekez baina, beti be, maskara jarrita izatea bermatuta.

Bilbao, 2021.eko urriaren 7a