Xedapenak

Dekretua (2020.eko ekainaren 19a

Mario Izeta Gabikagoxeaskoa
Jainkoaren eta Aulki Santuaren graziaz
Bilboko Gotzain

Eusko Jaurlaritzako Osasun Kontseilaritzak COVID-19ak eragindako osasun krisiari normaltasun barrirako prozesuko Egitasmoaren 3. aldia gainditu ondoren aurre egiteko ezinbesteko prebentzino-neurriei buruz 2020.eko ekainaren 18ko data dauan Agindua argitaratu dau. Bertan, eleizen, parrokiako lokalen edo antzekoen erabilerari eta beste kultu edo heziketa jarduera batzuei dagokien araudia jasoten da. Horreek betete aldera, ezinbestekoa da ondorengo neurriak hartzea

XEDAPENAK

1. COVID-19ari aurre egiteko neurri prebentiboei dagokienez, bertan behera geratzen dira Agindu honen aurreko xedapen guztiak.

2. Kultu-etxeetan, guztira sartzen dan jente-kopuruaren %75a baino ez da sartuko. Kulturako lekuan bistan jarriko da gehienez sartu daitekezan pertsonen kopuru hori. Kontrolatzeko bidezko jarduerak ezarri beharko gira.

3. Kultu-etxeetan, gitxienez 1,5 metroko tarte fisikoa gordeko da pertsonen artean (ez da beharrezkoa dalako pertsona horreek etxe berean bizi badira). Txikiagoa bada, nahitaez jarri behar da maskara.

4. Ahal dan neurrian, ibilbideak ipiniko dira, jentearen joan-etorriak zehazteko eta pilaketak eta kontaktu fisikoa saihesteko. Ate bi edo gehiago dagozanean, bat sartzeko erabili eta beste bat urteteko.

5. Kulturako eraikinen kanpoaldeaz edo bide publikoaz baliatzeko asmoa izan ezkero, ezinbestekoa izango da udal-baimena jadestea eta ezinbesteko neurriak hartuko dira lagun arteko segurtasun-tartea gordeteko edo, ezin danean, derrigorrez maskara jarteko.

6. Parrokietako lokaletan eta antzekoetan, lagun arteko tartea 1,5 metrokoa izango da eta gehienez 25 lagun batuko dira. 2

7. Hitzaldi-areto edo antzoki erako lokaletan, guztira sartu daiteken jente-kopuruaren %60a sartuko da eta lagun arteko tarte fisikoa gitxienez 1,5 metrokoa izango da (ez da beharrezkoa etxe berean bizi diran pertsonak badira) edo, ezin danean, derrigorrez maskara ipiniko da.

8. Eleiza eta lokaletan, aireztatze, garbitze eta desinfektatzerako neurri egokiak beteko dira, erabilera handiagoa ala txikiagoa dan kontuan hartuta, kutsatzeko arriskua saihesteko.

9. Bide publikoan erromeriak edo prozesinoak ospatu daitezanean, eremu edo ibilbidea mugatu egin beharko da, eta gehienez 1.000 lagun batuko da eremu edo ibilbidean. Lagun arteko tartea 1,5 metrokoa izango da eta ezinbestekoa maskara erabiltea.

10. Honako arauok bete eleizetan eta Eukaristiaren ospakizunean:

a) Ur bedeinkatuaren harraska eta ponteek hutsik jarraituko dabe.

b) Eukaristia otoitzean, kaliza, patena eta kopoiak “paliaz” estalita egongo dira.

c) Aukerakoa dan bakearen agurraren ordez beste keinuren bat egin daiteke, beti be kontaktu fisikoa saihestuz.

d) Abade ospatzaileak eta gainerako ministroek eskuak desinfektatuko dabez komuninoa banatu aurretik eta ondoren.

e) Jaunartzeko banan-banako alkarrizketa (“Kristoren Gorputza”. “Amen), era kolektiboan egingo da “Jauna, ni ez naz inor…” erantzunaren ostean, eta Eukaristia banatzean ministroaren eta jaunartzen dauanaren arteko alkarrizketa saihestuko da.

f) Diru-bilketa eta limosnetan, fededunen arteko kontaktu fisikoa saihestuko da eta garbitasun-neurriak hartuko dira kutsatzeak ekiditeko.

g) Sakramentu Guztiz Santuaren Gurtzan, eleizetarako eskainitako jarraibide orokorrak kontuan hartuko dira.

11. Hainbat sakramenturen ospakizuna dala-eta:

a) Adiskidetzearen sakramentua eta fededunei entzuteko uneak: 1,5 metroko segurtasun-tartea gorde eta konfidentzialtasuna ziurtatu. Tarte hori gordetzea ezinezkoa bada, fededunak zein aurtor-entzuleak maskara eroango dabe. Gainazalik ez ikutu. Adiskidetzearen sakramentuaren egoitza behin eta barriro garbitzea aholkatzen da.

b) Bateoa: Bateo-ura botaten danean, ura ontzi batetik hartu eta ontzi horretara jausi daitela. Olioz igurtzean, erabilera bakarreko kotoi edo kotoi-zotzaz baliatu eta ospakizuna amaitu eta gero erraustu.

c) Sendotza: Olioaz igurztean, kotoi edo kotoi-zotz bat erabili sendotza hartuko dauan lagun bakoitzarekin, bateoaren kasuan azaldu danez.

d) Ezkontza: Eraztunak, ezkontza-horniak, e.a., bakarrik ezkontideek erabiliko dabez eskuartean. Zuhurtziaz jokatu senar-emaztegai eta lekukoen sinaduran eta dagokiezan agiriak emotean.

e) Gaixoen oliadura: Olioak ezartzean, kotoi edo kotoi-zotza erabili daiteke. Dana dala, osasun-arloko agintariek adierazitako babes-neurriak bete.

f) Hiletak: Hiletetan, domekako Eukaristiako erizpideak jarraituko dira. Nahigabez betetako une honeetan gatxa bada be, behin eta barriro errepikatu ez dala kontaktu fisikoa dakarren keinurik egin behar eta ezinbestekoa dala segurtasun-tartea gordetea.

12. Parrokietako eta eleizbarrutiko bulego eta lokaletan arreta eskaintzea dala-eta:

a) Aireztatze, garbitze eta desinfektatzerako neurriak hartu, erabilera handia ala txikia dan kontuan hartuta.

b) Guztien erabilerarako lekuetan, guztira sartu daiteken jente-kopuruaren %60a sartuko da. Neurriak hartuko dira jentea pilatu ez daiten.

c) Gel hidroalkoholiko eta desinfektatzaileak eskura jarri.

d) Lan-baldintzak eta leku pertsonalen erabilera egokitu, lagun arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzea bermatuz. Tarte hori gorde ezin danean, bidezko segurtasun-neurriak hartu, besteak beste, maskararen erabilera.

e) Jentea bulegoetara joateko neurriak hartu eta, posible edota ezinbestekoa danean, telelanaz baliatzeko aukera aztertu.

13. Norbaitek gaixotasunarekin bat datozan sintomak baditu, berehala deituko dau horretarako jarri dan telefonora edo dagokion osasun-etxearekin hartu-emonean jarri, eta, dagokionean, laneko arriskuen prebentzinorako zerbitzuekin. Berehala, pertsona horrek maskara jarriko dau eta emoten jakozan aholkuak beteko ditu, osasun arloko profesionalak bere egoera medikua baloratu daian arte.

14. Xedapen honeek 2020.eko ekainaren 19an sartuko dira indarrean eta aitatu dogun Eusko Jaurlaritzako Osasun Kontseilaritzak argitaratutako agindua indarrean dan artean egongo dira indarrean, COVID-19ak eragindako osasun-krisi egoeraren amaiera adierazi arte.

Bilbao, 2020.eko ekainaren 19a.

+ Mario Izeta Gabikagoxeaskoa

Bilboko Gotzaina