Argibideak 2021ko Aste Santuko ospakizunetarako

Pandemiak eraginda bizi dogun egoera eta osasunaren arloan indarrean dagozan neurriak kontuan hartuta, eta Espainiako Gotzainen Batzarraren oharrari jaramon eginez, ondorengo argibideok eskaini gura doguz aurtengo Aste Santuko ospakizunak prestatzeko.

Ondorengo honeek kontuan hartuko dira ospakizun guztietarako:

  • Bertan behera geratzen dira bide publikoko ekitaldiak (prozesinoak, irudien lekualdaketa, e.a.). Kofradia eta Ermandadeek indarrean dagozan neurriak kontuan hartuko dabezan beste aukera batzuk eskainiko dabez
  • Ospakizun eta eleizkizunak gehienez ere 21:00etan amaituko dira (etxeratze-agindua 22:00etan). Aurton, kontuan hartu hori ospakizunen hasiera programatzean. Kontuan izan, etxeratze- aginduaren ordua zein jente-kopurua aldatu egin daitekezala hemendik Aste Santuraino
  • Prebentzino-neurriak bete behar doguz:
    1. Jente-kopuru mugatua: guztira sartu daiteken jente-kopuruaren %35a eleizkizun guztietan, osasun arloko agintariek neurria aldatzen ez badabe
    2. Esku-hartzen daben ministroen –akolitoak, irakurleak, e.a.- kopurua ahalik eta txikiena izan daitela, baina ospakizunaren duintasunari uko egin barik.
    3. Maskara denpora guztian jarrita euki eta hitz egiteko kendu bakarrik (pertsonen arteko tartea egokia bada) edo jaunartzeko unean.
    4. Eleiza barruan lagun arteko tartea gorde
    5. Eskuak gel hidroalkoholikoekin desinfektatu eleizara sartzean eta eleizatik urtetean
    6. Lekuak garbitu, aireztatu eta desinfektatu
    7. Ez erabili eskuz esku ibili daiteken materialik (abestien orriak, liburuxkak, kandelak, e.a.
    8. Aparteko arreta jarri dirua batzean; saskia eskuz esku ez erabili.
    9. Jentea ez daitela pilatu eta lau lagun baino ez daitela batu sarrera eta urteeretan
    10. Ospakizunetan, indarrean jarraitzen dabe bakeari eta jaunartzeari buruzko arauek. Jaunartzeko buruz buruko alkarrizketa (“Kristoren Gorputza”. “Amen”), guztientzat esango da behin “Jauna ni ez naz inor…” erantzunaren ostean eta Eukaristia isilik banatuko da.

ERRAMU-DOMEKEA

  1. Ez da prozesinorik egingo.
  2. Katedralean, sarrera solemne edo nagusia, gitxienez meza nagusian egingo da. Fededunak euren lekuetan egongo dira eta bedeinkapena eta barri onaren hots egitea, eleiza barruan egingo da, fededunei ohikunea ikusteko aukera emonez. Altararako prozesinoan, fededunen ordezkaritza batek parte hartu leike Gotzainagaz eta ministroakaz batera
  3. Parrokia eta gainerako kultu-etxeetan, hirugarren era (sarrera bakuna) erabiliko da

KRISMA-MEZA

Ministroak, meza emongo daben abadeak eta diakonoak:

  1. Goizeko 10:45 baino lehen helduko dira Katedraleko klaustrora eta alba eta estola zuria eroango dabez (pandemia aldi honetan, oso garrantzitsua da bakotxak berea eroatea). Krisma-meza, 11:00etan hasiko da.
  2. Katedraleko ate nagusitik sartuko dira guztiak, aforoa dala-eta (guztira 175 lagun) zenbatu ahal izateko. Klaustrora joango dira eleiz jantziak jartera.
  3. 11:45etatik aurrera, meza emongo daben abadeak eta diakonoak altararen ezker eta eskumatara dagozan aulkietara (gorriak) joango dira.

ORIO SANTUAK JASO

Ospakizunaren amaieran, ilara bakarra egingo da klaustroaren inguruan, Orio Santuak era antolatuan jasoteko. Lagun arteko ezinbesteko tartea gordeko da. Egun horretan, Bilbotik kanpokoek jaso daiezala gomendatzen da. Bilboko alkarteek (eta gura daben guztiek) Pazko-bigarrenetik aurrera jaso daikiez, ordutegi honeetan:

astelehen, eguen, bariku eta zapatuz, 10:00etatik 13:00era. Arratsalde guztietan, 17:00etatik 18:30etara.

JAUNAREN AFARIKO MEZA

  1. Ez da oinak garbitzearen erritoa egingo.
  2. Ez kendu prozesinoa eta Sakramentu Guztiz Santua gordetzea gurtzeko eta biharamunean jaunartzeko. Emon aukera, ahal izan ezkero, fededunek adorazinoa egin daien.
  3. Eleiza berean Jaunaren Afariko meza bat baino gehiago ospatuko bada, arratsaldez egin eta, azkenean izan ezik, ez egin Sakramentu Guztiz Santuaren gordetzerik.

JAUNAREN NEKALDIKO OSPAKIZUNA

1.- Jaunaren Nekaldiko ospakizunean, Jainkoaren herriaren otoitzean, ohiko eskaerak egingo dira, Jainko Gurtzarako eta Sakramentuen Diziplinarako Kongregazinoak joan dan urtean argitaratu eban asmoa (Agindua Prot. 155/20 zenb.) gehituz. IX. eta X.aren artean gehitzen dan asmoaren testua hauxe da:

IXb. Pandemia aldian sufritzen dagozanen alde

Egin daigun otoitz pandemia honen ondorioak jasaten diharduen guztien alde: Aita Jainkoak
osasuna emon deien gaixoei, sendotasuna osasun-langileei,,
kontsolamendua familiei eta salbazinoa hil diran biktima guztiei.

Otoitza isilik. Gero abadeak esango dau:

JJainko ahalguztidun eta betikoa,
babesle bardingabea giza gaixotasunean,
begiratu errukiz pandemia hau jasaten daben
zure seme-alaben atsekabeari;
arindu gaixoen samina,
emon indarra euren zaintzaileei,
hartu zeure bakean hil diranak
eta, egizu,
estualdi honek irauten dauan bitartean,
guztiek aurkitu daiela gozagarria
zure errukian.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
R./ Amén.

2.- Kurutzea gurtzeko unean, ospatzaileak belaunikatuz edo burua sakon makurtuz egingo dau. Gainerakoek be belaunikatuz edo burua sakon makurtuz egingo dabe kurutzea erakusten danean, eta bakotxak dagoan lekuan egingo dau, mobidu barik. Isilik, kurutzea begiesten dan bitartean, otoitz egin daiela esango jake. Dana dala, ospakizuneko une honetan, ez da prozesinorik egingo.

PAZKO BEZPERAKO OSPAKIZUNA

  1. Beila edo “luzernarioaren” hasiera, eleizaren sarreran egin daiteke. Ospatzaile nagusiaren ondoan, ministro-kopuru mugatua egongo da eta fededunak euren lekuetan izango dira. Sua bedeinkatu, prestaketa-ohikuneak egin eta Pazko-zuzia biztuko da Meza-liburuan jasoten dan lez.
    • Abade eta ministroek, alkarren arteko segurtasun-tartea gordeaz, prozesinoa egingo dabe erdiko pasillotik eta “Kristoren Argia” abestuko dau hiru bider.
    • Ez da komeni fededunen artean kandelarik banatzea Pazko-zuzitik biztu eta alkarri argia emoteko. “Kristoren Argia” hiru bider abestu ondoren, Pazko-pregoia abestuko da.
  2. Ondoren, “Hitzaren liturgia” dator. Laburtze aldera, irakurgaien kopurua laburtu daiteke, baina ospakizunaren une honi dagokion nabarmentasuna emoten saiatu behar dogu. Ez da sekula murriztuko domeka bateko Hitzaren Liturgiara, hau da, bakarrik hiru irakurgai itziz.
  3. “Bateo-liturgia”, Meza-liburuan jasoten dan lez ospatuko da. Abadeak eskuak garbituko ditu bedeinkatuko dan ura prestatu aurretik eta uraz txipriztindu aurretik.
  4. Ez dau gomendagarri emoten, bizi dogun egoera kontuan hartuta, Pazko bezperako ospakizunean umeen bateoa ospatzeak. Helduei Kristau Sarbideko sakramentuak emon behar bajakez edo azkenean umeren baten bateoa ospatzen bada, bateo-ura, erabili ondoren ura itzuliko ez dan ontzira isuriko da.

 

BIKARITZA NAGUSIA